Beste artikulu batzuk:

Lotxo bat, lotxo bi...
2000/03/21
Mintzamenaren jatorria
1999/12/12
Musikaren hizkuntza
2001/04/23
Nahi gabe ere erritmoari jarraituko diozu!
2001/06/25
eguneratze-data 2001/7/24
 
 

2000/08/24
Roa Zubia, Gillermo


Argia burmuinari

Argia burmuinari

Neurona bakoitzak ikusmenaren prozesuan nola hartzen duen parte aztertu du Gabriel Kreiman zientzialariaren taldeak. Emaitza argigarriak izan ditu ikerketak.

Garuna giza gorputzaren organoetatik konplexuena omen da. Gutxienez, funtzionamendua argitzeko zailena da. Hala ere, medikuek pixkanaka horren antolamendua eta eginkizunak ulertzeko metodoak asmatu dituzte. Argitzeko asko falta bada ere, harrigarria da zenbat ikasi dugun.

Gai honi buruzko azken berriak Gabriel Kreiman neurobiologo estatubatuarraren eskutik datoz. Kreimanen taldekoek garuneko leku jakin batzuetako neuronak banaka aztertu dituzte. Neurona bakoitzak ikusmenean nola hartzen duen parte aztertu dute, eta emaitza harrigarriak lortu dituzte. Aurkitu dute neurona bakoitza irudi mota batek aktibatzen duela, eta ez irudi zehatzak bakarrik. Beste hitzetan esanda, neurona batek ez du sagar baten aurrean erantzuna ematen, baizik eta fruten taldeko edozeinen aurrean. Emaitza horiek Nature Neuroscience aldizkariaren iraileko alean argitaratuko dira.

Baieztapenaren atzean

1994. urtean, makakoekin egindako esperimentuetan antzeko emaitzak lortu ziren. Makakoek beren taldekoen aurpegiak ezagutzen dituzte. Zientzialariek ikusi zuten hainbat neurona aktibatzen zirela edozein aurpegiren aurrean. Aurpegi bakoitzak, ordea, erantzun ezberdina eragiten zuen. Makakoek, erantzun horien arabera, aurpegi zehatzaren irudia egiten zuten.

Neurobiologiaren ikerketak dakarren arazoa da arrazoi etikoengatik oso esperimentu gutxi egin daitezkeela gizakiengan. Ikerketa gehienetan, beraz, animaliak erabili behar izaten dira. Baina emaitzak gizakiengan baieztatzerik baldin badago, aurrepauso handia ematen da. Kreimanen ikerketetak horixe lortu du, eta makakoekin ikasitakoa gizakiengan frogatu eta zabaldu egin du.

Horretarako, epilepsia duten gaixo talde batekin egin zuen esperimentua. Epileptiko horiek ez zuten jasotzen drogen efektua eta, beraz, kirurgia bidezko tratamendua behar zuten. Izan ere, garunean elektrodoak jarri zizkioten, epilepsia zein tokitan sortzen zen jakiteko helburuarekin. Kreimanen taldekoek horretaz baliatu ziren esperimentua egiteko. Gai bati buruzko irudiak ikustean, neurona talde bera aktibatzen zen. Adibidez, pertsonaia ospetsuen irudiak eta ezezagunenak ez dituzte neurona berek tratatzen.

Hipokanpoa

Datuak garuneko adar tenporaletik jaso ziren. Ikerketa horretan frogatu da bertako zatien betebeharra uste baino konplexuagoa dela. «Hipokanpo» zatian dauden neuronek, adibidez, epe laburreko memoria iraunkor bihurtzeko betebeharra duela jakina da. Oraingoan espazioen (lekuen) irudien aurreko erantzunaren ardura dutela garbi azaldu da. Aurkikuntza oraindik garrantzitsuagoa da, irudien sailkapenerako informazioa ere tratatzen baitu hipokanpoak. Kontuan hartu behar da, hala ere, epileptikoen gaitza garunean duela jatorria. Pertsona osasuntsuengan emaitza berak izango al lituzke?

Garunak nola lan egiten duen jakiteko oso urruti gaude. Hala ere, pixkanaka ulertzen ari gara non gertatzen den prozesu bakoitza eta zer zatik zer ardura duen. Ez da gutxi.