Argia
burmuinari
Neurona bakoitzak
ikusmenaren prozesuan nola hartzen duen parte aztertu du Gabriel
Kreiman zientzialariaren taldeak. Emaitza argigarriak izan ditu
ikerketak.
Garuna giza gorputzaren
organoetatik konplexuena omen da. Gutxienez, funtzionamendua argitzeko
zailena da. Hala ere, medikuek pixkanaka horren antolamendua eta eginkizunak
ulertzeko metodoak asmatu dituzte. Argitzeko asko falta bada ere, harrigarria
da zenbat ikasi dugun.
Gai honi buruzko azken
berriak Gabriel Kreiman neurobiologo estatubatuarraren eskutik datoz.
Kreimanen taldekoek garuneko leku jakin batzuetako neuronak banaka aztertu
dituzte. Neurona bakoitzak ikusmenean nola hartzen duen parte aztertu
dute, eta emaitza harrigarriak lortu dituzte. Aurkitu dute neurona bakoitza
irudi mota batek aktibatzen duela, eta ez irudi zehatzak bakarrik. Beste
hitzetan esanda, neurona batek ez du sagar baten aurrean erantzuna ematen,
baizik eta fruten taldeko edozeinen aurrean. Emaitza horiek Nature Neuroscience
aldizkariaren iraileko alean argitaratuko dira.
Baieztapenaren
atzean
1994. urtean, makakoekin
egindako esperimentuetan antzeko emaitzak lortu ziren. Makakoek beren
taldekoen aurpegiak ezagutzen dituzte. Zientzialariek ikusi zuten hainbat
neurona aktibatzen zirela edozein aurpegiren aurrean. Aurpegi bakoitzak,
ordea, erantzun ezberdina eragiten zuen. Makakoek, erantzun horien arabera,
aurpegi zehatzaren irudia egiten zuten.
Neurobiologiaren ikerketak
dakarren arazoa da arrazoi etikoengatik oso esperimentu gutxi egin daitezkeela
gizakiengan. Ikerketa gehienetan, beraz, animaliak erabili behar izaten
dira. Baina emaitzak gizakiengan baieztatzerik baldin badago, aurrepauso
handia ematen da. Kreimanen ikerketetak horixe lortu du, eta makakoekin
ikasitakoa gizakiengan frogatu eta zabaldu egin du.
Horretarako, epilepsia
duten gaixo talde batekin egin zuen esperimentua. Epileptiko horiek ez
zuten jasotzen drogen efektua eta, beraz, kirurgia bidezko tratamendua
behar zuten. Izan ere, garunean elektrodoak jarri zizkioten, epilepsia
zein tokitan sortzen zen jakiteko helburuarekin. Kreimanen taldekoek horretaz
baliatu ziren esperimentua egiteko. Gai bati buruzko irudiak ikustean,
neurona talde bera aktibatzen zen. Adibidez, pertsonaia ospetsuen irudiak
eta ezezagunenak ez dituzte neurona berek tratatzen.
Hipokanpoa
Datuak garuneko adar
tenporaletik jaso ziren. Ikerketa horretan frogatu da bertako zatien betebeharra
uste baino konplexuagoa dela. «Hipokanpo» zatian dauden neuronek, adibidez,
epe laburreko memoria iraunkor bihurtzeko betebeharra duela jakina da.
Oraingoan espazioen (lekuen) irudien aurreko erantzunaren ardura dutela
garbi azaldu da. Aurkikuntza oraindik garrantzitsuagoa da, irudien sailkapenerako
informazioa ere tratatzen baitu hipokanpoak. Kontuan hartu behar da, hala
ere, epileptikoen gaitza garunean duela jatorria. Pertsona osasuntsuengan
emaitza berak izango al lituzke?
Garunak nola lan egiten
duen jakiteko oso urruti gaude. Hala ere, pixkanaka ulertzen ari gara
non gertatzen den prozesu bakoitza eta zer zatik zer ardura duen. Ez da
gutxi.
|